Ikerketa
Ikerketa sarea
Diziplina anitzeko zentroa izanik, erakundeen eta ikertzaileen arteko lankidetza funtsezkoa da Matematika Aplikatuen Euskal Zentroarentzat. Zentzu horretan, BCAMek harreman sendoa eraiki du zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sareko erakunde ugarirekin, eta baita estatuko zein nazioarteko ikerketa erakunde garrantzitsuekin ere. Horrez gain, zentroa estatuko eta nazioarteko sare zientifiko garrantzitsuenetako kide da.
Sareak, laborategi erkideak eta plataformak
Diziplina anitzeko zentroa izanik, erakundeen eta ikertzaileen arteko lankidetza funtsezkoa da Matematika Aplikatuen Euskal Zentroarentzat. Gaur egun, BCAM bere alorreko sare nazional eta nazioarteko sare garrantzitsuenetako zenbaiten kide da. Sare eta partzuergo hauetan dugun partaidetza honela antolatzen dugu:
Sare estrategiko eta instituzionalak
European Research Centers on Mathematics
EMS (European Mathematical Society) erakundearen batzorde bat da ERCOM eta matematika zientzien ikerketa zentroetako zuzendari zientifikoek edo hauen ordezkariek osatzen dute. Batez ere ikerketaren arloan diharduten, nazioarteko batzorde zientifikoa eta nazioarteko bisita programa zabala duten eta matematika zientzien eremu zabala jorratzen duten Europako zentroek bakarrik izan dezakete ordezkaritza ERCOMen. Zentroen hautagarritasuna EMSren Batzorde Betearazleak erabakitzen du, ERCOMi kontsulta egin ondoren. BCAM batzorde horren kide da 2016az geroztik eta 2020ko ERCOM bilera antolatu behar zuen, baina COVID19aren krisia dela eta atzeratu behar izan zen.
European Network of Mathematics and Industry
EU-MATHS-IN erakundearen xedea da matematikak funtsezko teknologien berrikuntzetan duen inpaktua areagotzea, Europako eragileen arteko komunikazioa eta informazio trukea hobetzeari esker. Sare honi ekarpena egiten diogu Kide Instituzional gisa.
European Women in Mathematics
European Women in Mathematics erakundeak emakumeek matematika ikas dezaten sustatu nahi du, eta emakumeei laguntza ematen diete beren karreran aurrera egiteko. Europan matematikaren arloan lan egiten duten emakumeen nazioarteko elkartea da European Women in Mathematics. 1986. urtean sortua, EWMek ehunka kide eta koordinatzaile ditu Europako 33 herrialdetan. Sare honi ekarpena egiten diogu Kide Instituzional gisa.
“Severo Ochoa” eta “Maria de Maeztu” zentroen bikaintasunerako aliantza
SOMMA “Severo Ochoa” eta “María de Maeztu” zentroen arteko aliantza da. Erakunde hauek Espainiako ikerketaren bikaintasuna sustatu nahi dute, estatu barruan zein nazioarteko esparruan duen inpaktu soziala areagotuta.
Sare honetan maila desberdinetan egiten ditugu ekarpenak: batzorde betearazlearen kide gisa, Lantalde Zientifiko Irekia (Open Science Working Group) koordinatuta, eta zenbait lantaldetan parte hartuta, hala nola genero orekarena, ezaguera transferentziarena, kudeaketarena etab. Sare honetako kide gara 2014az geroztik.
Red Estratégica de Matemáticas
Helburua nazioarteko presentzia areagotuko duen estrategia bat sortzea da. Horretarako, sinergiak sortzen dira matematikaren arloko komunitate zientifikoarekin. Bestalde, ikerketak Espainiako matematikan duen inpaktu sozioekonomikoa ere hobetu nahi da.
Sare osoaren koordinazioaz arduratu ginen 2020-2021 aldian eta administrazio kontseiluaren kide gara 2018az geroztik. 2018. urtean sartu ginen sarera.
Lankidetzako ikerketa laborategiak eta plataformak
Matematikako Joint Transborder Laboratory laborategia
Mugaz haraindiko lankidetzarako laborategiak (Laboratories for Trans-border Cooperation edo LTC) 2015az geroztik Euskampus (UPV/EHU)-Bordeleko Unibertsitate kanpusaren esparruan garatu den lankidetzarako formula bat dira. LTCak elkarrekin lan egiten duten Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa taldeei esparru instituzionala eskaintzeko helburuarekin sortu ziren. Esparru horrek laguntza ematen die mugaz haraindiko ikerketa komunitateei, barne hartuta ikertzaile gazte eta adituak, ikasleak eta teknikariak. Honela, laborategi batetik bestera mugi daitezke mugarik gabe, ikuspegiak eta ekintza asmoak partekatzeko. BCAM da matematika aplikatuen TRANSMATH LTC laborategiaren burua eta hauek dira laborategiaren helburuak: i) emaitza zientifikoak eta elkarrekin egindako ikerketaren ikusgarritasuna areagotzea Europar Batasunean eta nazioarteko esparruan; ii) proiektu handiagoen inkubagailu gisa jardutea, kanpoko finantzaketa erakartzeko eta ikertzaileen nazioz haraindiko komunitate jasangarri bat sortzeko (ikasleetatik hasi eta goi mailako ikertzaileetara).
Plataforma Española de Tecnologías de Modelización, Simulación y Optimización en un Entorno Digital
Ingurune Digitaleko Modelizazio, Simulazio eta Optimizazio Teknologien Espainiako Plataformak (Plataforma Española de Tecnologías de Modelización, Simulación y Optimización en un Entorno Digital edo PET MSO-ED) sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sendotu nahi du I+G+b alorrean, matematiken potentzialari onura aterata industriak eta gizarteak dituzten erronkei aurre egiteko. Helburua da Espainiako ikerketa eta berrikuntzarako komunitate industrial, akademiko eta enpresarialari azpiegitura integral eta koordinatua eskaintzea, ingurune digitaleko datuen zientziaren baliabideei onura ateratzen dieten modelizazio, simulazio eta optimizazio teknologia matematikoen ezarpenarekin eta garapenarekin lotutako behar guztiei erantzuteko. BCAM plataforma onen kide instituzionala da 2021ean sortu zenetik.
Joint Research Lab on Offshore Renewable Energy
Joint Research Laboratory on Offshore Renewable Energy (itsas zabaleko energia berriztagarrien inguruko lankidetzako ikerketa laborategia) Euskadin dago eta BCAM, TECNALIA eta UPV/EHU erakundeetako ikertzaileek osatzen dute.
JRL-ORE laborategia alderdi parte hartzaileen arteko ikerketa loturak estutzeko sortu zen, haien arteko sinergiei onura ateratzeko eta masa kritikoenganaino iritsi ahal izateko adostutako alor zientifiko eta teknologikoetan. Honekin lortu nahi dena da ikerketa emaitzen maila areagotzea, enpresaren munduan eta gizartean orokorrean duten inpaktuari dagokionez.
Joint Research Lab on Artificial Intelligence
Joint Research Lab on Artificial Intelligence (adimen artifizialaren inguruko lankidetzako ikerketa laborategia) Euskadin dago eta BCAM, TECNALIA eta UPV/EHU erakundeetako ikertzaileek osatzen dute.
Ikerketa esparruek askotariko gaiak estaltzen dituzte, hala nola deborazko serieen analisia, optimizazioa, etengabeko ikaste automatikoa edo ikaste automatiko aurkariduna. Ondorioz, aplikazioek hainbat arlorekin izaten dute lotura: garraioa, datuen zientzia, industria, energia, arkitektura, eta baita nekazaritza edo ingeniaritza espaziala ere.
Sare tematikoak
Red Española Matemática-industria
Math-in sarearen eginkizun nagusia teknologia matematikoa enpresaren eta industriaren sektoreetara transferitzea da, hartara parte hartzen duten ikerketa taldeen eta industria beraren lehiakortasuna areagotuta. Sare honen kasuan, gure ikerketa talde aplikatuenak dira ikerketa proiektuetan parte hartzen dutenak eta, horrez gain, bi urtez behin egiten den European Study Group with Industry (ESGI) ikasketa taldearen antolaketan parte hartzen dugu.
Red Española de Investigación en Modelización Computacional Cardiaca
VHEARTSN sarearen helburua ordenagailu bidezko modelatze kardiakoan esperientzia zabala duten Espainiako zenbait talderen arteko lankidetza sustatzea da, modu horretan ikerketa biomedikorako eredu informatikoen garapena, ezarpena eta aplikazioa erraztatuta eta azkartuta. BCAMen MMB ikerketa taldeak sare honetan parte hartu zuen 2016tik 2020ra bitartean.
Bioestatistikaren Sare Nazionala
Sare honen helburua Espainiako bioestatistikaren ikertzaileak batzea da, diziplina anitzeko ikuspegi integratzaile, malgu eta ireki batekin.
BCAMek sare honetan parte hartu du, AS (estatistika aplikatua) ikerketa taldearen bitartez, 2016az geroztik.
Clinical Systems Neuroscience
Clinical Systems Neuroscience (CLISYSNE) sarearen xede nagusia nerbio sistema zentraleko gaixotasunak diagnostikatu eta tratatzeko ikerketa ildoak identifikatzea da. Horretarako, sistemen biologiaren eta sistemen neurozientziaren kontzeptuak eta tresna analitikoak aplikatzen dituzte nerbio sistema zentralerako sendagaiak eta biomarkagailuak aurkitzeko. BCAMek sare honetan parte hartu du, MCEN (neurozientzia matematiko eta konputazionalak) ikerketa taldearen bitartez, 2020az geroztik.
Red de Geometria Algebraica y Singularidades
RGAS sarea 13 nodoz osatuta dago eta, bertan, geometria aljebraikoa eta singularitateen teoria jorratzen dira, hainbat ikuspuntutatik eta hainbat tresnarekin. Ikuspuntu eta tresna horiek guztiak elkarrekiko osagarriak dira. RGA sarearen helburu nagusiak hauek dira: (1) gure espezializazio eremuak indartzea eta zabaltzea egungo ikerketaren norabide nagusietarantz, (2) gure nazioarteko presentzia mantendu eta hobetzea, eta (3) barne sinergiei onura ateratzea eta lortu dugun nazioarteko puntako ikerketa eta prestakuntza ingurunea mantentzen laguntzen diguten nazioarteko lankidetzak sortzea.
Elkarteak eta partzuergoak
European Consortium for Mathematics in Industry
European Consortium for Mathematics in Industry (ECMI) erakundea organismo akademikoen eta konpainia industrialen partzuergoa da, eta lankidetzan aritzen dira helburu hauek lortzeko: Modelatze, simulazio eta optimizazio matematikoaren erabilera sustatzea eta bultzatzea, garrantzi ekonomiko edo soziala duten jarduera guztietan. Matematikari industrialak trebatzea gora doan aditu hauen eskariari erantzuteko. Europa mailan jardutea.
European Open Science Cloud
European Open Science Cloud (EOSC) ekimenak ingurune birtual bat eskaintzen die ikertzaileei, datuak biltegiratzeko, kudeatzeko, aztertzeko eta berrerabiltzeko zerbitzu ireki eta erabilerrazekin, hartara muga geografikoak eta diziplina zientifikoen mugak gaindituta, abian diren datu azpiegiturak batzeari esker.
EOSC lankidetzan sortzen ari da, Europar Batasuneko estatuetako eta herrialde elkartuetako zenbait proiektu eta ekimen finantzaturen bitartez. Proiektu hauek denborarekin iritsiko dira gune honetara, baina, une honetan, EOSC elkartea da lehentasuna. Ekintza honetan behatzaile eginkizuna dugu.
Confederation of Laboratories for Artificial Intelligence Research in Europe
CLAIRE sareak Europako bikaintasuna indartu nahi du, adimen artifizialaren ikerketarako eta berrikuntzarako. Sare zabal honek Europan adimen artifiziala ikertzeko laborategi konfederazio (Confederation of Laboratories for Artificial Intelligence Research in Europe) bat osatzen du. CLAIRE 2018an sortu zen Europako adimen artifizialaren komunitatearen behetik gorako ekimen moduan eta CERN laborategiaren pareko “marka errekonozimendua” lortu nahi du. BCAMek matematikak eta adimen artifiziala sustatzeko egiten duen ekarpenaren esparruan, Claire ikerketa sarearen kide gara.
Basque Cybersecurity Centre
BCSC (Basque Cybersecurity Centre) Eusko Jaurlaritzak izendatutako erakundea da zibersegurtasuna sustatzeko. BCSCren eginkizuna da euskal gizartean zibersegurtasunaren kultura sustatzea eta garatzea, jarduera dinamizatzea eta sektore profesionala indartzea. Zeharkako ekimen honek Eusko Jaurlaritzak hartu duen herritarrekiko eta zibersegurtasunaren alorreko enpresekiko konpromisoa islatzen du. BCAM BCSCren kide da eta bere bazkideekin lankidetzan aritzen da zenbait proiektutan, BDIH aktiboen (ikus beherago) parte den “adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren laborategiaren” bitartez.
Basque Digital Innovation Hub
Basque Digital Innovation Hub (BDIH) enpresei zuzendutako trebakuntza, ikerketa, saiakuntza eta balidazio aktiboek eta zerbitzu azpiegiturek osatutako sare konektatua da. Hauek dira BDIHren nodoak: robotika malgua, fabrikazio aditiboa, makina adimendun eta konektatuak, sare elektrikoen datu digitaletan oinarritutako soluzioak, material berriak, gailu medikoak eta osasun digitala, eta zibersegurtasuna.
Zibersegurtasunaren nodo barruan, BCAMek “adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren laborategiaren” bitartez parte hartzen du, datuen analisian oinarritutako soluzioak eskaintzeko. Tresna hauen aplikazioen artean daude, besteak beste, intrusioen detekzioa, anomalien detekzioa eta analisi prediktiboak. Taldekideak estatistikariak, zientzialari informatikoak eta matematikariak dira eta esperientzia handia dute ikaste automatikoko tresnak, datu bolumen handietarako estatistika tresnak eta informazio erauzketarako eta predikziorako tresnak diseinatu eta ezartzeko esparru akademiko zein industrialean.
INNOLAB Bilbo
INNOLAB gaur egungo erronka enpresarialei eta sozialei irtenbide digitalak bilatzeko, enpresak eta teknologia elkartzen dituen berrikuntza plataforma bat da. Adimen artifizialean eta datuen analisian espezializatutako plataforma da. BCAM elkarte honen kide instituzionala da 2018az geroztik.
European Association of Research Managers and Administrators
EARMA (European Association of Research Managers and Administrators) da Europako ikerketaren arloko kudeatzaile eta administratzaileen komunitatea eta ikerketaren bikaintasuna bermatzea du helburu, ikerketan diharduten kudeatzaile eta administratzaileei laguntza emanda. EARMAk harremanetarako foro bat, ikaskuntza plataforma bat eta esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko espazio bat eskaintzen die, bai EARMAko kideei eta baita esparruko komunitate zabalagoari ere. BCAMen administratzaileak EARMAren kide dira eta, horri esker, jardunbide egokien inguruko esperientzia lortzen dute gure zentroko administrazioan aplikatzeko.
Sozietateak
Sozietate hauen kide instituzionala gara:
European Mathematical Society
European Mathematical Society Europa osoan matematikak ordezkatzeko sortutako elkarte zientifikoa da. Matematiken alderdi guztiak sustatzen dituzte Europan, bereziki ikerketa matematikoa, matematiken eta gizartearen arteko lotura, Europako erakundeekiko harremanak eta matematikaren arloko hezkuntza.
Real Sociedad Matemática Española
Espainiako Matematikako Errege Elkartea (Real Sociedad Matemática Española edo RSME) matematika eta bere aplikazioak sustatu eta zabaltzeko, eta matematiken ikerketa eta maila guztietako irakaskuntza bultzatzeko sortutako elkarte zientifikoa da. 2019 - 2020 urte artean, BCAMek 2020an argitaratu zen “Matematiken liburu zurian” lagundu zuen.
Sociedad Española de Matemática Aplicada
Matematika Aplikatuaren Espainiako Sozietatea (Sociedad Española de Matemática Aplicada edo SEMA) 1991. urtean sortu zen Espainiako matematika aplikatuen garapenaren mugarri gisa. 1978. urtean sortu zen Ekuazio Diferentzialen eta bere Aplikazioen Espainiako Kongresu nazionalaren arrakasta eta iraupen luzea izan ziren elkartea sortzeko arrazoi nagusia. Sozietatearen xede nagusia da matematikak bere aplikazioekiko duen garapenean ekarpen koordinatua egitea, modu horretan askotariko zientzia eta sektoretako mundu errealeko arazo nagusiei erantzunda.
Hitzarmenak eta lankidetza estatuko eta nazioarteko erakundeekin
Sortu zenetik, BCAMek lankidetza nazionala eta nazioartekoa sustatzeko politika argia jarraitu du, sarritan ildo desberdinetan diharduten laguntzaile zientifikoen bitartez. Horri esker, emaitza positiboak lortu dira artikulu, lantegi eta abarren forman. Bazkidetza hauen helburu nagusia da ikerketa interes erkideak elkarrekin jorratzea da.
Beherago ageri den mapan ikus daiteke BCAMek sinatu dituen indarreko hitzarmen instituzionalak: