Judit Muñoz Matute, BCAMeko doktorego ondoko ikertzailea, European Mathematical Society Young Academy 2024-2027 batzordeko kide izateko hautatua

  • EMYArako (EMSko Gazteen Akademia) hautatua izateak hurrengo belaunaldiko matematikari bide ematen die Europako matematikaren etorkizuna eztabaidatzeko eta planifikatzeko, European Mathematical Society (EMS) bidez jarduerak antolatzeko eta EMSri bere ekintza zein lehentasunei buruzko aholkuak emateko.
  • Judit Muñoz Matute Matematika Aplikatuen Euskal Zentroko (BCAM) Mathematical Design, Modelling and Simulations lerroko doktorego ondoko ikertzailea da.

Judit Muñoz Matute BCAMeko ikertzailea European Mathematical Society (EMS) Young Academy batzordeko kide izateko hautatu dute 2024-2027 aldirako.

Komunitate matematikoak Europako matematikari gazteen belaunaldiaren zeregina eta ikuspegia indartu behar ditu. Euren garapen matematikoan eta lan-itxaropenetan lagundu behar zaie, baina baita EMSren garapenean eta erabaki-prozesuetan ere hobeto integratu behar dira; euren belaunaldiaren beharrak hobeto ezagututa, bultzada berri eta hobeak emango dizkiote EMSren garapenari. Horregatik, horretaz jabetuta, EMSren 2022ko Kontseiluak European Mathematical Society Young Academy (EMYA) sortzea onartu zuen.

“Ohorea da niretzat EMYAn parte hartzea, eta eskerrak ematen dizkiet BCAMi zein SeMAri kargu honetarako ni izendatzeagatik. Funtsezkoa da EMSk bere belaunaldi gazteenaren ikuspegia izatea erabakiak hartzeko orduan. Lau urte hauetan, nire aletxoa jarri nahi dut proposamenak eginez eta hainbat ekimen sustatuz, Europako matematikari gazteen ordezkaritzan eta babesean laguntzeko”, adierazi du Judit Muñoz Matutek.

Bera eta batzordeko gainerako kideak lau urtez aritzera gonbidatuta daude. Horrela, plataforma honetako kide izango dira, hurrengo belaunaldiko matematikariek Europako matematikaren etorkizuna eztabaidatu eta planifikatu dezaten, EMSren bidez jarduerak antolatu ditzaten eta EMSri aholkuak eman diezazkioten.

Judit Muñoz Matute Postdoc Fellow da BCAMen, eta gaur egun BCAMen parte-hartzea koordinatzen du IN-DEEP proiektuan. Proiektu hau Deep Learning (DL) tekniketan doktoregaiek prestakuntza jaso dezaten diseinatutako MSCA Doctoral Network bat da, eta bere helburua alderantzizko arazoetarako ikaskuntza sakoneko teknologia berrietan prestakuntza eta ikerketa sustatzea da.

Gainera, 2021etik 2023ra 3 urteko ikerketa-egonaldia egin zuen Texasko Unibertsitatean, Austinen (AEB).

Muñoz Matutek Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Matematika Aplikatu, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa sailean lortu zituen lizentziatura eta masterra, 2014an eta 2015ean, hurrenez hurren. 2019an doktoregoa lortu zuen Nazioarteko Aipamenarekin unibertsitate berean, Deribatu Partzialetako Ekuazioen Simulazio Numerikoaren arloan. Doktoretzan zehar, Europar Batasunak finantzatutako hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu zuen (Horizon 2020 proiektuak: GEAGAM eta MATHROCKS), eta horri esker mundu osoko hainbat unibertsitatetan ikerketa-egonaldiak egin ahal izan zituen: Curtin University (Perth, Australia), UPCV (Valparaiso, Txile), UT Austin (Texas, AEB) eta University of Nottingham (Erresuma Batua). 2020an, Espainiako Errege Elkarte Matematikoak (RSME) eta BBVA fundazioak ematen duten Vicent Caselles Ikerketa Matematikoko Saria jaso zuen. Era berean, ECCOMAS Europako sarietarako hautagai espainiarra izateko aukeratu zuen SeMAk (Espainiako Matematika Aplikatuen Elkartea), Zientzia Aplikatuetako eta Ingeniaritzako Metodo Konputazionalen arloko 2019ko doktore-tesi onenaren kategorian.

2021ean, Marie Sklodowska-Curie Individual Fellowship Europako beka lortu zuen, bera ikertzaile nagusia den ikerketa-proiektu bat burutzeko, BCAMekin eta Texasko Unibertsitateko (Austin, AEB) Oden Institute for Computational Engineering and Sciences-ekin lankidetzan.

EMYA