BCAMek TANGO Proiektuaren bi eguneko lan-bilera batean parte hartu du Parisen
- Bi egunez (urriak 17 eta 18), BCAMek —José Antonio Lozano zuzendari zientifikoa, Novi Quadrianto (IK), Thomas Kehrenberg eta Javier Sanguino ordezkari zirela— TANGO Horizon proiektuko gainerako bazkideekin batera, bi eguneko lan-bilera batean parte hartu du Parisen, TANGO Proiektuaren aurrerapenari buruzko berrikuspen sakona egiteko eta eztabaidatzeko.
- Topaketak hainbat lan-saio izan zituen, bakoitza proiektuaren funtsezko alderdietan zentratua, algoritmoak, ekosistemaren garapena eta kasu-azterketak barne.
Bileraren une garrantzitsuenetako bat Diziplinarteko Zientzia Aholku Batzordearen deialdia izan zen; bertan, adituek euren ikuspegiak partekatu zituzten eta feedback baliotsua eman zuten. Bazkideen artean komunikazio-estrategiei, hedapen-ahaleginei eta ustiapen-planei buruzko eguneraketak ere partekatu ziren.
Proiektuaren kudeaketa eta hausnarketa etikoak eztabaidagai nagusiak izan ziren, bazkideek elkarlanean jardun baitzuten proiektuaren progresio arduratsu eta eraginkorra bermatzeko. Eguna brainstorming (ideia-jasa) saio dinamiko batekin amaitu zen, TANGO Proiektuan aurrera egiteko hurrengo urratsak zehaztuz.
Bi eguneko bilera honek proiektuaren lankidetza-izpiritua indartu zuen eta datozen hilabeteetan arrakasta izaten jarraitzeko oinarriak jarri zituen.
TANGO Europar Batasunak 7 milioi eurorekin finantzatutako Horizon Europe proiektu bat da, gizakien eta makinen arteko erabaki-hartze sinergikorako oinarri teorikoak eta esparru konputazionala garatzea helburu duena. 4 urteko proiektu honek bidea erraztuko die gizakiarengan zentratutako hurrengo belaunaldiko IA (Adimen Artifiziala) sistemei. TANGO esparruak pertsonengan eta gizartean izan dezakeen eragina gizarte-inpaktu handiko mundu errealeko erabilera-kasuetan ebaluatuko da, hala nola: emakumeei haurdunaldian eta erdiondoan laguntzea, talde kirurgikoei ebakuntza barruko erabakiak hartzen laguntzea, mailegu-agente eta eskatzaileei kredituak emateko erabaki-prozesuetan laguntzea, eta politika publikoen arduradunei pizgarriak diseinatzen eta funtsak esleitzen laguntzea. Kasu-azterketa horien arrakastak TANGO erreferentziazko esparru gisa onartzea sustatuko du, sinergikoak diren IA sistemen belaunaldi berri bat garatzeko, eta Europak gizakiarengan zentratutako IAren alorrean duen lidergoa indartuko du.
Adimen Artifizialak (IA) potentzial izugarria du gizakiaren erabakiak hobetzeko eta arrisku handiko eszenatokietan gainkarga kognitiboa eta alborapenak saihesteko. Gaur egun arte, ordea, IAn oinarritutako laguntza-sistemen ezarpena txikia izan da ospitale, epaitegi eta administrazio publikoetan. IAk pertsonengan, gizartean eta ekonomian duen inpaktu positiboari dagokionez bere potentzial handia bete-betean garatu dezan, gizakien eta makinen arteko sinbiosia ezarri behar da: jendeak elkarreraginean diharduen sistemetan konfiantza izan dezakeela sentitu behar du, haien iragarpen eta erabakien fidagarritasunari dagokionez, sistemek euren beharrak ulertzeko duten gaitasunari dagokionez, eta ezkutuko hirugarren bati beharrean, beraiei laguntzeko asmo zintzoa dutela bermatzen denean.
TANGO proiektua Europar Batasuneko Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza programak finantzatzen du, 101120763 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren pean.
Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak, ordea, egilearenak edo egileenak soilik dira, eta ez dute zertan Europar Batasunaren edo Osasunaren eta Arlo Digitalaren Europako Agentzia Betearazlearen (HaDEA) iritzia islatu. Ez Europar Batasuna, ez dirulaguntza ematen duen agintaritza ezin dira horien erantzule egin.
Related news
BCAM pertsonak
Emakumeak zientzian