200 ikaslek baino gehiagok zientziaren alderik dibertigarriena eta dibulgatzaileena aurkitu dute Be Zientziaren bigarren edizioarekin
- Bizkaiko lau BERC zentrok antolatuta —Achucarro, BC3, BCAM eta BCMaterials— Bizkaiko hainbat ikastetxetako haurrek gozatu egin dute ikasten: klima-aldaketari buruz, espezie desberdinetako garunaren eboluzioari buruz, matematikari buruz, edo nola material eta nanoegitura desberdinek ur kutsatua baliabide baliotsuen iturri bihur dezaketen.
- Ekimenak jakin-mina, esperimentazioa eta talde-lana azpimarratu ditu ikaskuntza zientifikoaren motor gisa, eta antolatzaile diren zentroen konpromisoa sendotu du belaunaldi berrien artean zientzia sustatzearen alde.
- Be Zientziak hasieratik izan du Bilboko Udalaren babesa. Javier Garcinuñok, Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusiak, ekimena bisitatu, hiriak dibulgazio zientifikoarekin eta zientziaren kultura sustatzearekin duen konpromisoa islatuz.
(Bilbo, 2025eko urriaren 28a).– Bilboko Zablagune eraikina izan da Be Zientzia-ren bigarren edizioaren egoitza, urriaren 28an eta 29an ospatua. Lau Bizkaiko BERC (Bikaintasuneko Euskal Ikerketa Zentroak) zentroek —Achucarro, Neurozientzien Ikerketarako Euskal Zentroa; BC3, Klima Aldaketa Ikergai; BCAM, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa; eta BCMaterials, Materialak, Aplikazioak eta Nanoegituretan Euskal Zentroa— antolatutako dibulgazio zientifikoko azoka honek 200 bat Lehen Hezkuntzako ikasle bildu ditu Bizkaiko sei ikastetxetatik (Bilbo, Barakaldo, Amorebieta-Etxano, Markina-Xemein eta Algorta). Bi goizetan zehar, jarduera interaktibo eta tailer ugariz beteriko programaren bidez, ikasleek zientziara hurbiltzeko aukera izan dute modu dibertigarri, parte-hartzaile eta hezigarrian.
Be Zientzian, ikasleek eta irakasleek hainbat gairi buruz ikasi dute: klima-aldaketa; espezie desberdinetako garunaren eboluzioa; matematikak; edo nola material eta nanoegitura desberdinek ur kutsatua baliabide baliotsuen iturri bihur dezaketen.
Hori guztia lau zentro antolatzaileetako ikertzaileek emandako tailer eta txoko praktikoen bidez:
- Achucarro-ren eskutik, ikasleek hegaztien, narrastien eta ugaztunen enbrioi-garapena aztertu dute garuna nola eratzen den ulertzeko, oilaskoaren enbrioi errealak mikroskopioz behatuz. Gainera, platano baten DNA atera dute etxean aurkitzen diren materialak erabiliz, “errezeta zientifiko” baten modura.
- BC3-ko ikertzaile taldeak bi proposamen aurkeztu ditu Be Zientzian: “Kalkulatu zure karbono aztarna” tailerrean, haurrek ping-pong pilotekin neurtu dute euren karbono aztarna eta batez bestekoarekin alderatuta, hori murrizteko praktika onak ikasi dituzte. “Mapa biziak / Mapas vivos” tailerrean, ikertzaileek nola erabiltzen dituzten datuak eta mapak mundua modelatzeko aztertu dute, lurzorua edo landaredia bezalako aldagaiak kontuan hartuta.
- BCAM-ek matematikara hurbildu ditu ikasleak papiroflexiaren txoko baten bidez, paperezko figurak eginez kontzeptu matematikoak landuz, eta “Jakintza kutsatzen duten ereduak” tailerrean, birusen ereduak eraiki dituzte haien egiturak mugitzeko eta zelulak infektatzeko duten gaitasunean nola eragiten duen ulertzeko.
- BCMaterials-ek ikasleak MOFekin esperimentatzera gonbidatu ditu, material metal-organikoekin, Kimikako 2025eko Nobel Sariaren ostean are garrantzitsuago bihurtu direnak. Ikasleek esperimentatu dute nola “hauts magikoak” horiek kutsatzaileak ezabatu eta elementu baliotsuak berreskuratu ditzakeen uratik modu seguruan.
Be Zientzia ekimenaren helburua jakin-mina, esperimentazioa eta talde-lana sustatzea da, ikaskuntza zientifikoaren motor gisa, eta antolatzaile diren zentroen konpromisoa sendotzea belaunaldi berrien artean zientzia sustatzearen alde. Eta hala izan da bi edizioetan.
Ekimenak hasieratik izan du Bilboko Udalaren babesa. Javier Garcinuñok, Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak, ekimena bisitatu gaur goizen, hiriak dibulgazio zientifikoarekin eta zientziaren kultura sustatzearekin duen konpromisoa islatuz.
“Be Zientzia-rekin gure helburua da haurtzarotik jakin-min zientifikoa piztea eta erakustea zientzia bizirik dagoela, ukitu eta esperimentatu daitekeela. Haurrek disfrutatzen ikustea, bitartean matematikek, neurozientziak, klima-aldaketak edo materialek mundua hobeto ulertzen lagun diezaguketela deskubritzen duten bitartean, dudarik gabe, saririk onena da”, adierazi dute Achucarro, BC3, BCAM eta BCMaterials-etik.
Related news
BCAM pertsonak
Emakumeak zientzian