BCAMek Euskadiko hainbat ikastetxetako 300 ikasle baino gehiago hartu ditu azaroan
- Bisita horietako batzuk OREskolak ekimenaren eta First Lego League proiektuaren baitan egin dira.
- Hil honetan, Escolapios ikastetxeko DBHko 3. mailako 120 ikasle baino gehiagok BCAM bisitatu dute, Vincenzo Nava BCAMeko eta Tecnaliako ikertzaileak emandako "Shazam magialariaren botereak: IA, musika eta energia eoliko flotatzailea" hitzaldian parte hartzeko. Saioan zehar, Shazam aplikazioak abestiak segundo gutxitan nola identifikatzen dituen ikasi zuten ikasleek, prozesu hori seinaleen analisiarekin eta sakelako grabazioek sortutako hatz-marka digitalekin lotuz.
- Hitzaldia musikatik haratago joan zen, ezagutza hori aerosorgailu flotatzaileetan nola aplika daitekeen erakutsiz, adimen artifiziala erabiliz erronka estrukturalak detektatzeko eta horiei aurre egiteko. Jarduera hau Europako MSCA ORE4CITIZENS proiektuaren parte da, itsas energia berriztagarrien ikerketa gartera hurbiltzea helburu duena.
Itsas geologiatik energia jasangarrira First Lego League-n
ORE4CITIZENS proiektuaren barruko OREskolak ekimenaren esparruan, BCAMek First Lego League-n ere parte hartu zuen, azaroaren 28an eta 29an bi saio antolatuz. Vincenzo Navak, Lidia Rodríguez-Méndez eta Néstor Vegas UPV/EHUko Geologia Saileko ikertzaileekin lankidetzan, jarduera interaktibo bat zuzendu zuen. Bertan, ikasleek Bizkaiko golkoko itsas hondoaren ezaugarriak eta horiek aerosorgailuen egiturak instalatzean duten eragina aztertu zuten.
Sedimentu eta harrien benetako laginak erabiliz, parte-hartzaileek itsaspeko geologiak itsas plataformen diseinuan nola eragiten duen aztertu zuten. Gainera, jacket motako eta erdi-murgilgarriak diren aerosorgailuen modeloekin, offshore energia eolikoa modu jasangarrian aprobetxatzeko beharrezkoak diren osagaiak eta egokitzapenak ezagutu zituzten.
Ikastetxeen bisitak BCAMera
Horrez gain, BCAMek Beasain BHIko eta Colegio Vizcayako ikasleak hartu ditu, zentroan egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Beasain BHIko Batxilergoko 65 ikaslek Stat Wars proiektuko jarduera interaktiboetan parte hartu zuten, Leire Garmendia Bergés eta Mikel Pérez Arrieta BCAMeko ikerketa-teknikariek gidatuta. Matematika aplikatuak osasuna eta kirola bezalako arloetan nola laguntzen duen ikusi zuten.
Bestalde, Colegio Vizcayako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko Matematika Tailerreko ikasleek —matematika gradua egiteko interesa dutenek— Onintze Zaballak (doktoreondoa) eta Imanol Gagok (doktoregaia) emandako hitzaldiaz gozatu zuten. Saioan euren mailara egokitutako jarduerak egin ziren, ikerketa matematikoaren karrerak dituen erronkak eta abantailak erakutsiz.




Related news
BCAM pertsonak
Emakumeak zientzian