BCAMek matematikak eta musika berriro batuko ditu ekainaren 20tik 28ra “VILLA DE BILBAO” musika-lehiaketaren bigarren edizioan

  • ‘2M: Mathematics and Music’ proiektuaren barruan kokatzen den ekimen kultural hau Bilboko “Juan Crisóstomo de Arriaga” Kontserbatorioan egingo da, eta bi modalitate izango ditu: biolina eta pianoa. Itxiera-ekitaldia ekainaren 28an izango da, Sociedad Bilbainan.
  • Lehiaketaren helburu nagusia kultura matematikoa eta musikala sustatzea da, eta pianista eta biolinista gazteen garapen musikala bultzatzea.
  • Ekimen hau Bilbomath programaren parte da, Bilboko Udalaren eta BCAMen arteko lankidetza-hitzarmenaren baitan sortua, nazioartekotzea eta talentuaren erakarpenean berrikuntza sustatzeko helburuarekin.
  • Parte-hartzaileek askatasunez aukeratu ahal izango dute euren errepertorioa. Izena emateko epea zabalik dago 1993 eta 2017 urteen artean jaiotako pianista eta biolinistentzat. Lehiaketaren oinarriak esteka honetan daude eskuragarri.
  • Sarien artean, Sociedad Bilbainan eta Bilboko Kontserbatorioan eskainiko diren kontzertuak eta 500 eta 1.000 euro arteko bekak egongo dira.
  • Ekitaldiak, halaber, matematikak eta musika publiko orokorrari hurbiltzea helburu duen programazio paraleloa izango du. Xehetasun gehiago laster jakinaraziko dira.

 

Zer dute komunean musikak eta matematikak? Lehen begiratuan bi mundu bereizi dirudite, baina bi diziplinek elkar aberasten dute. Erritmotik egiturara, instrumentuen sorreratik teknologia modernora, matematikak musikaren muinean daude. Lotura horretan oinarrituta, iaz BCAMek – Basque Center for Applied Mathematics, Severo Ochoa Bikaintasuneko Ikerketa Zentro gisa hiru aldiz jarraian aitortua (2013, 2018 eta 2021)– ‘2M: Mathematics and Music’ proiektua eta “Villa de Bilbao” musika-lehiaketa jarri zituen abian.

Ekimen hau BILBOMATH programaren barruan dago, Bilboko Udalaren eta BCAMen arteko lankidetza-hitzarmen baten bidez sortua, nazioartekotzea eta talentuaren erakarpenean berrikuntza sustatzeko helburuarekin. Bigarren edizioa ekainaren 20tik 28ra egingo da Bilboko “Juan Crisóstomo de Arriaga” Kontserbatorioan. Sari-banaketa eta itxiera-ekitaldia Sociedad Bilbainan izango dira.

Ekimenaren helburu nagusia kultura matematikoa zein musikala sustatzea da, baita pianista eta biolinista gazteen garapen artistikoa bultzatzea ere. Proiektuak plataforma pedagogiko bat eskaintzen du haien hazkunde artistikoa laguntzeko, esperientziak eta interes musikalak partekatzeko espazioa sortuz, musikak eta matematikak modu independentean jariatzeko aukera emanez, eta bien arteko elkargunean sortzen den edertasuna agerian utziz.

‘2M: Mathematics and Music’ ekimenaren zuzendaritza artistikoa Luca Fanellik du, UPV/EHUko eta BCAMeko Ikerbasque ikerketa-irakaslea eta pianista.

Ekitaldiaren ardatz nagusia entzunaldiek osatuko dute. Pianista eta biolinistek izena eman dezakete ekainaren 1era arte webgune honen bidez, eta jaiotze-urtearen arabera (1993tik 2017ra) A-tik I-ra bitarteko kategorietan parte hartuko dute.

Parte-hartzaileek askatasunez aukeratu ahal izango dute errepertorioa. Izena emateko tasak 40 eta 60 euro artekoak dira, kategoriaren arabera. Lehiaketaren oinarriak esteka honetan daude eskuragarri.

SARIAK

Kategoria bakoitzeko lehen sari absolutuaren irabazleek plaka eta diploma jasoko dituzte itxiera-ekitaldian. Gainerako saridunek domina eta diploma jasoko dituzte euren kategoriako emaitzak argitaratu ondoren.

G, H eta I kategorientzat, sari osagarriak emango dira:

  • G kategoria: H kategoriako irabazlearekin batera emandako kontzertua Bilboko Kontserbatorioan + 500 €-ko beka kontzertuarekin lotutako mugikortasun-gastuak estaltzeko.

  • H kategoria: G kategoriako irabazlearekin batera emandako kontzertua Bilboko Kontserbatorioan + 750 €-ko beka kontzertuarekin lotutako mugikortasun-gastuak estaltzeko.

  • I kategoria: Bakarkako kontzertua Sociedad Bilbainan + 1.000 €-ko beka kontzertuarekin lotutako mugikortasun-gastuak estaltzeko.

Zuzendaritza artistikoa:
Luca Fanelli (Ikerbasque ikerketa-irakaslea, UPV/EHU eta BCAM; pianista)

Zuzendarikide artistikoak:
Ales Larrazabal (Bilboko Kontserbatorioa; pianista)
Rubén Darío Reina (RTVEko Orkestra; biolinista)
Maite Villate (Bilboko Kontserbatorioa; pianista)

Ekitaldia Bilboko Udalaren, UPV/EHUren, Bilboko “Juan Crisóstomo de Arriaga” Kontserbatorioaren, Sociedad Bilbainaren eta Ikerbasqueren (Zientziarako Euskal Fundazioa) laguntzarekin antolatzen da.

Ekitaldiak, halaber, matematikak eta musika publiko orokorrari hurbiltzeko programazio paraleloa izango du. Xehetasun gehiago laster iragarriko dira.

2M