Bizkaiko 250 eskolarteko baino gehiago zientzialari gazte bilakatu dira BeZientzia 2026 Azokan
Achucarro, BC3, BCAM, BCMaterials eta Instituto Biofisika Bizkaiko BERC ikerketa-zentroek Bilboko Zabalgune eraikina laborategi handi bihorrtuko dute urriaren 26an eta 27an, neurozientzia, klima-aldaketa, matematikak, materialak, biomedikuntza eta bioteknologia era ludiko batean esperimentatzeko.
Bilbo, 2026ko urriaren 27a
Bizkaiko bost BERC zentroak (Achucarro, Neurozientzia Ikerketarako Euskal Zentroa; BC3, Klima Aldaketa Ikergai Euskal Zentroa; BCAM, Matematika Aplikatuko Euskal Zentroa; BCMaterials, Materialak, Aplikazioak eta Nanoegiturak Ikergai Euskal Zentroa; eta Biofisika Institutua) elkartu egingo dira urriaren 26an eta 27an BEZIENTZIA zientzia-azokaren hirugarren edizioa ospatzeko Bilboko Zabalgune eraikinean.
Bizkaiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 250 ikasle baino gehiago arituko dira gozatzen tailerretan, txoko interaktiboetan eta erakustaldi zientifikoetan. Helburua da praktikan ezagutzea bikaintasunezko ikerketa-zentroek sortzen duten ezagutza zientifikoa, hala nola matematiketan, neurozientzietan, klima-aldaketaren azterketan, material berrietan, biomedikuntzan eta bioteknologian. “BeZientziaren helburua gure garaiko erronka zientifiko eta sozial handiak gazteengana hurbiltzea da, zientziak pertsonen bizitza hobetzeko eskaintzen dituen irtenbideak erakutsiz. Neska-mutikoen ikusmina sustatu nahi dugu, gure ikertzaileen hurrengo belaunaldia izango baitira”, adierazi dute antolatzaileek.
Zertan datza txoko zientifiko bakoitza?
Achucarrok bi tailer proposatzen ditu bizitzaren barruko funtzionamendua ulertzeko. «Oiloaren aurretik… arrautza?» izenekoan, ikasleek hegaztien bidez garunaren bilakaera eta garapena nola aztertzen diren detektatuko dute. «Banana baten DNA ateratzea» tailerrean, berriz, herentzia genetikoa zehazten duen DNA molekula eguneroko materialekin atera daitekeela egiaztatuko dute.
BC3k klima-erronka eguneroko bizitzara hurbiltzen du bi jardueraren bidez. «Kalkulatu zure karbono-aztarna» tailerrean, taldeek beren CO2 isurpenak kalkulatuko dituzte ping-pong pilotak eta tutu bat erabiliz, eta Euskadiko bataz bestekoarekin alderatuko dituzte, isurpen horiek murrizteko jardunbide egokiei buruz kontientziatzeko asmoz. «Klima-babeslekuaren bilaketa» jardueran, ikasleek instalazioak zeharkatuko dituzte termometroez hornituta, hiru espaziotako tenperatura neurtuz eta muturreko beroari aurre egiteko hiri bidezkoagoak, irisgarriagoak eta prestatuagoak nola diseinatu hausnartuz.
BCAMek matematikak adimen-joko gisa erakutsiko ditu. «Lau koloreren teorema» tailerrean, ikasleak mapak bost, lau edo hiru kolorez margotzen saiatuko dira, lau kolore nahikoak direla ikusteko. Ondoren, Europako mapen simulazioak ikusiko dituzte eta 1976an froga hori ordenagailu baten bidez egin zen lehenengoetako bat nola izan zen ikasiko dute; horrek gaur egun ordenagailuek eta adimen artifizialak matematikan duten zereginari buruzko eztabaida zabaltzen du. «Arakamina kutsatzen duten ereduak» tailerrean, birus-ereduak eraikiko dituzte, eredu zientifiko bat zer den eta birus baten formak zelula batean sartzeko duen gaitasunean nola eragiten duen ulertzeko.
BCMaterials zentroak materialen zientzia lan-mahai gainera eramango du. «MOFak: ura garbitzen duten hauts “magikoak”» tailerrean, taldeek material horiek uretatik kutsatzaileak nola kentzen dituzten eta litioa, kobaltoa edo urrea bezalako elementu baliosak nola berreskura ditzaketen ikusiko dute. «Likidotasunetik materialera: fabrikatu zure hidrogela» jardueran, ikasleek hidrogelak zer diren eta medikuntzan, bioteknologian edo nekazaritzan dituzten erabilerak ikasiko dituzte, beren hidrogel-esferak eraikiz.
Bestalde, Biofisika Institutuko ikertzaileek kimikaren eta biologiaren oinarrizko kontzeptuetako bat hurbilduko diote publikoari: pH-a. Esperimentu bisual eta interaktibo baten bidez, parte-hartzaileek substantzia azidoak, basikoak edo neutroak kolore-aldaketen bidez nola identifikatu ikasiko dute, baita pH-a eguneroko bizitzako prozesu ugarietarako —kontsumitzen ditugun elikagaietatik hasi eta izaki bizidunen funtzionamenduraino— zergatik den funtsezko parametroa ulertu ere.
Dagoeneko finkatuta dagoen jardueraren hirugarren edizioa
BeZientzia, bere hirugarren edizioan, gure lurralde historikoko zientzia-dibulgazioko ekitaldien egitarauan erabat finkatutako jarduera gisa aurkezten da. Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, baita Rural Kutxaren babesa ere.
Biofisika Institutua gehituta, BeZientzia 2026 Bizkaiko BERC (Basque Excellence Research Centers) sareko zentro guztiek antolatzen dute. BERCak Eusko Jaurlaritzak beren zientziaren bikaintasunagatik egiaztatutako ikerketa-zentroak dira. Beren eginkizuna euskal ikerketa arlo estrategikoetan nazioarteko erreferenteen artean kokatzea eta garapen sozial eta ekonomikoaren motor izatea da. Bizkaiko bost BERC zentroez gain, sareak beste lau zentro ditu Gipuzkoan (Polymat, BCBL, DIPC eta CFM-MPC).
Related news
Ekitaldiak
BCAM pertsonak
BCAMek 2026ko PhD Meeting-a egin du doktoratu aurreko ikertzaileei laguntza eta orientazioa emateko
Zentroari buruz, BCAM pertsonak
BCAM, EHU ETA ELHUYARrek soinuaren zientzia Euskadiko agertokietara eraman dute