BCAMek Sevilla 2024ko ECM Kongresuan parte hartu du
- Europako Matematika Elkartearen (EMS) ekitaldi hau lau urtean behin ospatzen da, eta matematikaren arloan munduko bigarren gertakaririk garrantzitsuena dela esaten da.
BCAMek presentzia nabarmena izan du 2024ko uztailaren 15etik 19ra Sevillan ospatutako Europako Matematika Kongresuan (ECM). Ekitaldian zehar, BCAMek funtsezko hainbat panel antolatu eta horietan parte hartu zuen, ezagutzaren trukeari eta ikerketa matematikoaren aurrerapenari lagunduz, baita horiek hainbat esparrutan duten aplikazioari ere.
Uztailaren 15eko panela (astelehena): Adimen Artifiziala eta Matematika BCAMek antolatu zuen panel hau. Azken urteotan adimen artifiziala indarrez sartu da gurean; teknologia hau, egia esan, 50eko hamarkadatik ari da garatzen eta oinarri komun bat du: matematika. Zer egin dezake IA-k arazo matematikoak konpontzen laguntzeko? Eta alderantziz, zeintzuk izan daitezke matematikaren oinarrizko ekarpenak IA-ren garapenean? IA tresna berri hauek fidagarri bihurtu eta mehatxuak zein arriskuak prebenitu ditzakete?
Panel honek aditu entzutetsuak bildu zituen, hala nola: Luis Vega, BCAMeko Severo Ochoa akreditazioaren ikertzaile nagusia; Matti Lassas, Helsinkiko Unibertsitatekoa; eta Begoña Vitoriano, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoa. Eztabaidan zehar, adimen artifizialaren eta matematikaren arteko elkarguneak aztertu ziren, eta bi diziplina horiek elkarri nola lagundu diezaioketen IA tresna fidagarriak garatzeko eta alor horretan sortzen ari diren erronkei aurre egiteko.
Uztailaren 17ko panela (asteazkena): Literatura Zientifikorako Sarbide Irekia Asteazkenean, BCAM "Open Access to Scientific Literature (OA)" panelean ordezkaturik egon zen, Centre de Recerca Matemàticak antolatuta. Panel honek sarbide irekiak literatura zientifikoan duen garrantzia nabarmendu zuen, edozein erabiltzaileri ikerketak irakurtzea, deskargatzea, kopiatzea, inprimatzea eta banatzea ahalbidetuz, oztopo finantzario, tekniko edo bestelakoen gabe. Miguel Benítez, BCAMeko Project Managerrak, beste aditu batzuekin batera —André Gaul (EMS Publishing House), Ignasi Labastida i Juan (Bartzelonako Unibertsitatea) eta Pilar Rico (FECYT)— sarbide irekiaren alderdi erregulatzaileak, ikerketakoak eta argitalpenekoak eztabaidatu zituen, baita zientzian (eta bereziki matematikaren esparruan) duen eragina ere.
Uztailaren 18ko panela (osteguna): Matematika Institutuak eta Talentuaren Sustapena Ostegunean, Sevillako Unibertsitateko Matematika Institutuak (IMUS) panel bat antolatu zuen, eta bertan parte hartu zuten: José Antonio Lozano, BCAMeko zuzendari zientifikoa; Justo Puerto, IMUSeko zuzendaria; Anna Wienhard, Max Planck Institute for Mathematics in the Sciences (MPIM) institutuko zuzendaria; Martin Bridson, Clay Mathematics Institute (CMI) institutuko presidentea; Miguel Sánchez, Granadako Unibertsitateko Matematika Institutuko (IMAG) zuzendaria; Rosa Crujeiras, Galiziako Matematika Ikerketa eta Teknologia Zentroko (CITMAGA) zuzendaria; Lluís Alsedà, Centre de Recerca Matematica (CRM) zentroko zuzendaria; eta Javier Aramayona, Madrilgo Zientzia Matematikoen Institutuko (ICMAT) zuzendaria.
Panelak funtsezko gaiak jorratu zituen, hala nola: talentua erakartzea matematika-institutuen bidez, doktoretza-programak, enpresekiko akordioak, ezagutzaren transferentzia, nazioarteko rankingetan lortutako errekonozimendua, autofinantzaketa eta Europako ikerketa matematikoa sustatzeko hitzaldiak zein kongresuak antolatzea.
Gainera, BCAMek stand bat izan zuen erakusketarien gunean, zentroa ezagutzera emateko eta talentua erakartzeko helburuarekin.
Sevilla 2024ko ECM biltzarrean izandako parte-hartzeak BCAMek matematika aplikatuen aurrerapenarekin eta beste diziplina batzuekin duten integrazioarekin duen konpromisoa azpimarratzen du, nazioarteko ideien trukea eta lankidetza sustatuz.



Related news
BCAM pertsonak
Emakumeak zientzian