EKIOCEANek itsasoko fotovoltaika flotatzaileko konponbide jasangarriei buruzko bi urteko ikerketa amaitu du

 

  • TECNALIAk koordinatutako eta AZTI, BCAM, UPV/EHU —ITSAS REM eta POLYMAT ikerketa-taldeen bidez— eta BASQUENERGY Klusterrarekin lankidetzan garatutako EKIOCEAN proiektuak bi urteko ikerketa eta ezagutza-sorrera burutu ditu. Proiektuaren helburua itsas inguruneetan instalazio fotovoltaiko flotatzaileak (FPV) garatzeko konponbide jasangarriak aurkitzea izan da, materialen, egituren eta ingurumen-ebaluazioaren alorreko teknologia aurreratuak uztartuz.

Lortutako emaitza nagusiak

EKIOCEAN proiektuaren bi urteetan zehar, planta fotovoltaiko flotatzaileen bi diseinu kontzeptual definitu eta aztertu dira, bai kostaldeko eremu babestuetan (nearshore), bai itsas zabalean (offshore) ezartzeko, itsas ingurunearen muturreko baldintzak (olatuak, haizea eta korronteak) kontuan hartuta.

Hauek dira lorpen nagusiak:

  • Portaera hidrodinamikoa: Metodologia espezifiko bat garatu da FPV sistemen erantzuna aztertzeko, bai simulazio birtualen bidez, bai UPV/EHUko 25 metroko proba-kanalean egindako entsegu fisikoen bidez.

  • Material berritzaileak: Erresistentzia handiko hormigoian (UHPC) oinarritutako irtenbideak ikertu dira, zuntz polimerikoekin indartuak. Material hauek portaera mekaniko ona eta degradazioarekiko erresistentzia altua erakutsi dute urtebetez baldintza gazietan egon ondoren. Gainera, propietate hidrofoboak dituzten latex bio-oinarrituak sintetizatu dira estalduretan erabiltzeko.

  • Moduloen errendimendua: Partzuergoak gatzaren eta mugimendu zakarren eragina aztertu du panelen degradazioan. Emaitzek erakutsi dute degradazio-prozesuak detektatu diren arren, hasieran espero zena baino txikiagoak direla.

  • Ingurumen-inpaktua eta plangintza: Etorkizuneko proiektuen ingurumen-onarpenerako gida metodologiko bat eta sarbide libreko tresna digital bat garatu dira. Tresna honek itsasoko kokaleku optimoak identifikatzeko aukera ematen du, itsas hondoaren ezaugarriak, azpiegitura elektrikoak eta eremu babestuak kontuan hartuta.

Proiektuak Alerion, Branka, Isigenere, RDC eta Zelestra enpresek osatutako Aholku Batzordearen babesa izan du.


Hausnarketak eta hurrengo urratsak

Amaierako tailerrean, parte hartu duten enpresek adierazi dute itsasoko fotovoltaika flotatzaileak potentzial handia duela, nahiz eta oraindik garapen teknologiko handia behar duen. Azpimarratu denez, urtegiarako egungo irtenbideak ez dira baliagarriak itsasoan, eta egiturak erabat birdiseinatu beharko dira.

Etorkizuneko aukera gisa, portu inguruko gune babestuak esploratzea edo fotovoltaika flotatzailea beste teknologia batzuekin (offshore eolikoa, adibidez) uztartzea nabarmendu da.

EKIOCEANi buruz

Ikerketa hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Elkartek 2023 programak finantzatutako Elkartek EKIOCEAN proiektuaren parte da