BCAMeko ikertzaileek, Euskadiko eta Kanadako beste erakunde batzuetako zientzialariekin batera, Amiloide-β (Aβ) eta Glutamatoa Alzheimerraren agerpenean nola metatzen diren aztertzen duen artikulu bat argitaratu dute, aukera terapeutiko berriak irekiz

  • Egileak honako hauek dira: Giulio Bonifazi, Celia Luchena, Adhara Gaminde-Blasco, Carolina Ortiz-Sanz, Estibaliz Capetillo-Zarate, Carlos Matute, Elena Alberdi eta Maurizio De Pitta. Ikertzaile hauek BCAM, UPV/EHUko Neurozientziak Saila, Achucarro Basque Center for Neuroscience, CIBERNED, Torontoko Unibertsitatea (Fisiologia Saila) eta Krembil Ikerketa Institutua (University Health Network, Toronto, Kanada) zentroetako kideak dira.
  • Diziplinarteko lankidetzari eta modelatze konputazional aurreratuari esker, ikerketak prozesu patogenikoen natura ez-lineala argitzen du, esku-hartzerako aukera itxaropentsuak nabarmenduz eta gaixotasun neurodegeneratiboen konplexutasuna hobeto ulertzen lagunduz.

BCAM, Achucarro Basque Center for Neuroscience eta UPV/EHUko Neurozientziak Saileko ikertzaileek, Torontoko Unibertsitatearekin eta Kanadako Krembil Ikerketa Institutuarekin batera, Alzheimer gaixotasunaren oinarri diren mekanismo molekularrak argitzen dituen ikerketa aitzindari batean parte hartu dute. Giulio Bonifazi (2023ko abenduan BCAMen doktoretza lortu zuena) buru dela, azterlanak amiloide-β (Aβ) eta glutamatoaren arteko elkarreragina aztertzen du Alzheimerraren garapenean.

  • Elsevier-en Neurobiology of Disease aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerketak Alzheimerraren agerpenaren atzean dagoen biologia molekular korapilatsuan sakontzen du, gaixotasuna oraindik detektatu ezin denean. Giulio Bonifazik, azterlanaren egile nagusiak, azaldu duenez: "Defizit kognitibo gutxi edo batere ez duten Alzheimer-pazienteetan maiz ikusten den hipereszitagarritasun-fenomenoan zentratu gara. Gure helburua zen fenomeno hori Alzheimerraren hasiera goiz detektatzeko erabili dezakegun ulertzea".

    Modelatze konputazional aurreratua erabiliz, Bonifazik zuzendutako taldeak glutamatoa garunean metatzeko baldintzak karakterizatu zituen Aβ plaken presentzian (Alzheimerraren markatzaile ezaguna): "Aurkitu dugu glutamatoaren metaketa eta neuronen hiperaktibitatea ez direla proportzionalak, modu aldakorrean —hau da, ez-linealean— baitagozkie Aβ plakei; ez-linealtasun horrek Alzheimer mota desberdinak azal ditzake", dio Bonifazik.

    "Ikerketa honen ikuspegi berritzaile eta aitzindaria Alzheimerraren atzean dagoen interactoma molekularraren natura ez-lineala azpimarratzea da", azaldu du Maurizio De Pitta ikerketa koordinatu duen egile nagusiak. "Gaixotasunaren esparru ez-linealak modu naturalean azaltzen du patologiaren 'degenerazioa' deritzona, hau da, sintoma berak modu desberdinetan garatzeko aukera. Aldi berean, frogatu dugu Alzheimerraren hasierako bide desberdinak modu desberdinean tratatu daitezkeela, batzuek besteek baino emaitza hobeak lortuz".

    Ikerketaren eragina Alzheimerretik haratago doa, beste patologia asko ere barietate ez-linealen teoriaren esparruan deskriba baitantitezke. "Espero dugu Achucarrorekin dugun diziplinarteko lankidetzari esker, gure ikerketak neurodegenerazioan eta zahartzearekin lotutako gainbehera kognitiboan esplorazio terapeutikorako bide berriak urratzen lagunduko duela", ondorioztatu du Bonifazik.

    LABURPENA

    Uste da Alzheimer gaixotasunaren (AG) prozesu fisiopatologikoa dementziaren diagnosi formala baino urte asko lehenago hasten dela. Fase prekliniko luze honek esku-hartze terapeutikoetarako aukera ematen du, baina haren karakterizazio osoa lortzea zaila da oraindik. Metatutako ebidentziek iradokitzen dute amiloide-β-ak (Aβ) neuronen hiperaktibitatea bideratu dezakeela AGren lehen etapetako zirkuitu-disfuntzioan. Aldi berean, jarduera neuronalak Aβ-ren metaketa erraztu dezake feedback-elkarreragin korapilatsuen bidez, Aβ-ren menpeko hiperaktibitatea eta haren baliagarritasun diagnostikoa gobernatzen duten baldintzak argitzea zailduz. Ikerketa honetan, ikertzaileek modelatze biologikoa erabiltzen dute baldintza horiek argitzeko. Haien analisiak erakusten du oinarrizko elkarreragin molekularren natura ez-linealak hiperaktibitate-modu desberdinak sor ditzakeela. Hiperaktibitate-mekanismoen aniztasun horrek AGren agerpen-espektro zabala azal dezake azken finean.